XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Julio Cortázar Urtearen gurpilak epeka-epeka, ditiranbo nekrologikotarako aukera eskaintzen du eta ditiranbo hauen idazketa topikoz josita agertzen da beti, hildakoak laudorio jantzienak, lanik aipagarrienak, urrats sendoenak beregan biltzen dituelarik.

Hala gertatzen da hildakoaren oihartzuna mehe, eroria denetan, hala suertatzen hildakoaren oihartzun arrakastatsuak trumoi baten sendotasuna duenetan ere.

Horregatik, lehen taldekoak ugariagoak direnez eta urriagoak bigarrenekoak, lehenengoen topiko gastatuek harrapatu egiten dituzte eta herdoildu bigarren taldekoen merezimenduak.

Horregatik, baita, egin behar zaie jaramon gutxi ditiranbo nekrologikoei.

Julio Cortázar bezalako idazle bat hiltzen denean arriskua bait dago, laudorioak mereziak dituen ala ez zalantzan jartzekoa, urteroko gurpilak harrapatzen dituen beste hainbat eta hainbaten itzalaren pareko jotzeko arriskua bait dago, eta horrelakoetan bait dira beharrezkoak orain arte bezalako preanbuloak: Julio Cortázar-ekin gaztelerak XX. mendean eman duen idazle haundienetarikoa joan zaigula adierazteko, gizonaren limite-egoerak Julio Cortázar-ek bezain ongi inork ez dituela jaso esateko, ipuingintzari maila literario bete eta autonomoa eskaini diola aldarrikatzeko.

Hiru maila horiek bait dira, gure ustez, aipagarrienak Julio Cortázar-en obran, ohizko ditiranboen errosariotik ihesi.

Lehenik, haren hizkera literarioak herri-erabileren eta erabilera kultoen artean lortzen duen uztarketa aipatu beharko genuke, honela Jorge Luis Borges-ekin batera Europako tradizioari ingelesari eta frantsesari, malgré tout jaramon eginez, tradizio horren uretan murgilduz, tradizio horretara gaztelera hurbildu nahiz.

Baina erabilera herrikoiak porteñoa, jergak... ahaztu gabe.